default banner

Etorkizuna teknologia berrietan dago

Mitxel Garziari, Bilboko Luis Briñas Santutxu ikastetxeko irakasleari egindako elkarrizketa

2009/02/01. Hemen argitaratua: Elkarrizketak, Teknologiak eskolan.

Ainhoa Vitoria
Elkarrizketatua(k): Mitxel Garcia
Aldizkariaren zenbakia: 65

Zertan datza proiektu hau?

IKT proiektua duela urte batzuk sortu zen. Alde batetik, ikastetxean teknologi berriak ezartzeko sortu zen, umeek teknologia berriak erabiltzen ikasteko eta irakasleen lana errazteko. Momentuz, arrakasta handia izaten ari da, baina badakigu teknologia berrien munduak aldaketak jasaten dituela une oro, eta prest egon behar gara edozein aldaketatarako.

Zeintzuk dira arrazoiak teknologia berriak eskolan sartzeko?

Teknologia berriak erabilita umeei motibatzea eta lana erraztea lortzen dugu. Informazioaren gizarte honetan beharrezkoa dugu internet ezagutzea. Tresna hau ondo erabiltzen ikasten badute, ospea lortuko dugu, umeak motibatuta egongo direlako. Informatikak lana errazten badu, guztion artean arrakasta lortuko du, baina ez badu lana errazten, ez du arrakastarik izango.

Umeen artean, gainera, ez badute ezer ikasten eta lana ez bada deigarria, ez dute motibaziorik. Geure ardura da eskola-munduan informatika sartzea, bai lana errazteko eta bai lana egiteko motibazio handiagoa lortzeko ere.

Ez genuenean internetik erabiltzen, umeek liburu bat irakurri behar zuten eta formulario bat bete, hori guztia eskuz egin behar zuten; baina, egun, formulario hori interneten eskegi behar dute eta metodo honekin liburu gehiago irakurtzen dutela konturatu naiz. Motibatuago daude. Gero, agian, aspertzen hasiko dira, baina hori gertatzen baldin bada aldaketak egin beharko ditugu.

Gutxi gorabehera, zenbat urterekin hasten dira umeak teknologia berri horiek erabiltzen?

IKT proiektuan nire klaseko umeek bakarrik parte hartzen dute. Ume hauek 5-6 urte dute, eta irratian ez ezik, webgunean ere parte hartzen dute. Hori bai, gerora begira, gainerako ikasleen artean zabaltzea da gure helburua.

Teknologia zerbitzuak, halaber, txiki-txikitatik erabiltzen dituzte. Irratian parte hartzen dute eta euren marrazkiak webgunean ere sartzen dituzte.

Proiektu honetan umeek non hartzen dute parte?

Euren marrazkiak, testuak, aurkitu duten edozein bitxikeria eskegitzen dute, eta, horrela, internet erabiltzeko aukera dute. Bestalde, hiztegi entziklopedikoa ari dira garatzen. Euskaraz ez dago informaziorik eta horrek euskaraz aurkitzeko eta idazteko oztopoak jartzen dizkigu. Horregatik, hiztegi entziklopediko honekin, gai baten inguruko informazioa eskegitzen dutenean euskarazko hiztegi entziklopedikoa sortzen dute euskaraz ikasteko.

Horrez gain, arrakasta handia duten txat horietako bat ere erabiltzen dugu: Google Talk du izena, eta etxetik ikasleekin eta gurasoekin hitz egiteko aukera ematen digu. Askotan, umeek etxeko lan bat ulertzen ez baldin badute, Google Talk erabiltzen dute zalantzak niri galdetzeko. Horrez gain, bloga, gelako agenda, ordutegia, gelako museoa, hiztegi entziklopedikoa… egiten dituzte.

Bestalde, gure ikastetxeak irratia dauka, eta bertan umeek ere hartzen dute parte. IKT proiektu honekin, webgunean sartu ditugu irratiko fitxategiak eta Alemaniatik, Txinatik, Estatu Batuetatik, Kolonbiatik entzuten digute. Astean milaka sarrera ditu gure webguneak.

Teknologia berri hauek erabiltzean beste komunikazio mota bat garatu al da?

Komunikazioa guztiz aldatu da. Lehen gurasoekin hitz egiteko ordu batean geratu eta ikastetxean hitz egiten genuen. Orain, interneten bitartez, edozein momentutan dugu aukera elkarrekin hitz egiteko.

Umeak oraindik ez dira bakarrik aritzen interneten eta gurasoen laguntza behar dute. Horrek harreman estuagoa sorrarazten du gurasoen eta umeen artean.

Eta nola ikusten duzu etorkizuna?

Etorkizunak ez du mugarik hemen. Irekia da. Batek daki zer gerta litekeen hilabete barru. Etorkizuna teknologia berrietan dago.

Iruzkin bat utzi

Jakingarriak

  • Mondragon Unibertsitatea
    Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
    Dorleta auzoa z/g. 20540 Eskoriatza
  • Tfnoa: 943-714157. Faxa: 943-714032
  • Helbide elektronikoa: jakingarriak@jakingarriak.com
Laguntzaileak:

 logo_EJ-hezkuntza logo_facultad