default banner

Idazten eta irakurtzen irakasteko zer egiten dute irakasleek, beren esanetan?

2012/09/01. Hemen argitaratua: Artikuluak, Hizkuntza eta literatura.

Liliana Tochinsky eta Isabel Ríos
Aldizkariaren zenbakia: 70

Artikulu honen muina gogoeta bat da: estatu espainiarreko erkidego hainbatetan, idazten eta irakurtzen irakasteko haur-hezkuntzako hirugarren urteko eta lehen hezkuntzako lehen urteko maisu-maistren hezkuntza-praktikaren gaineko analisian oinarri duen ikerlan baten emaitzen inguruko hausnarketa, alegia. Emaitzok adierazten dutenez, irakasleek gogokoagoa dute idazketa eta irakurketaren irakaskuntza esplizitu, goiztiar eta sistematikoa. Oinarrizko trebeziak lantzeko premiari dagokionez ere, bat datoz irakasleak.

Artikulua honako ikerketan oinarritzen da: “Las condiciones del aprendizaje inicial de la lengua escrita”. Influencia de las prácticas vigentes en el aula y de los conocimientos previos de los alumnos. (SEJ2006-05292) ikerketa taldeak egin zuen. Haur-hezkuntzako hirugarren urteko eta lehen hezkuntzako lehen urteko maisu-maistren hezkuntza praktika zuen aztergai.

Kezka larria bihurtu da ikasleek irakurtzen dutena ulertzeko duten zailtasuna, estatuko eta nazioarteko ebaluazioetan agertu diren emaitzak ikusirik. Proposatzen diren konponbideak bi norabidetakoak dira. Lehenaren arabera, deszifratze automatikoak (irakurtze-ulermenaren euskarri nagusiak) du garrantzia ; eta idazketa-irakurketarekin lotutako trebeziak goiz, modu sistematiko eta esplizituan irakatsi behar dira. Bigarren konponbide-proposamenak egoera erreal eta esanguratsuetatik abiatzeko premi a lehenesten du; horrela, idazteak eta irakurtzeak zentzua izango du. Ez dirudi, dena den, proposamen biak elkarren baztertzaileak direnik.

Ikerlarien xedea zen irakurketa eta idazketa hastapenean gertatzen diren irakaskuntzako funtsezko uneetan -haur hezkuntzako azken ikasturtean eta lehen hezkuntzako lehenean- irakasleek zer egiten duten jakitea. Horretaz gain, aztertzea maisu-maistren praktikak azaldutako bi konponbide-proposamen horietako batean sartzen diren. Ikerketaren helburu orokorra, ordea, ondoko puntuen arteko lotura zehaztea zen: eskolan ohikoak diren praktika pedagogikoak, umeek etxetik ekartzen duten ezagutza eta idazketa- irakurtzearen ikaskuntza.

Era berean, ikerketan emandako urratsak, emaitzak eta ondorioak azaltzen dira. Ondorioen artean aipagarriak dira, alde batetik, irakasleek beraien praktikaz esan zutena analizatuta hiru profil bereizten direla: instrukzio praktikak, egoerazko praktikak eta praktika anitza edo muntidimentsionala egiten dituzten irakasleen profilak; eta, beste aldetik, irakasle gehien-gehienen gogokoena irakaskuntza esplizitu, goiztiar eta sistematikoa dela.

Bestalde, adierazten da egindako lana hasiera besterik ez bada ere, egindakoarekin gai izango direla esateko irakurtzen ikasteko orduan zer eragin duten deszifratzeko behar diren trebeziek; eta nahiz eta trebezia horiek menperatu, ikasleek ez badute irakurketa adimentsua menperatzen arazoen sustraia deszifratze-trebeziez haratago bilatu beharko litzatekeela.

Artikulua osorik

Iruzkin bat utzi

Jakingarriak

  • Mondragon Unibertsitatea
    Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
    Dorleta auzoa z/g. 20540 Eskoriatza
  • Tfnoa: 943-714157. Faxa: 943-714032
  • Helbide elektronikoa: jakingarriak@jakingarriak.com
Laguntzaileak:

 logo_EJ-hezkuntza logo_facultad