default banner

Irakurtzen eta idazten irakasteko praktikak identifikatzeko tresna bat

Irakurtzen eta idazten ikastea: irakaskuntza praktika eta ikaslearen ezagutzen arteko interakzioak

2012/09/01. Hemen argitaratua: Artikuluak, Hizkuntza eta literatura.

Celia Alba, Liliana Tolchinsky eta Carmén Buisán
Aldizkariaren zenbakia: 70

Artikulu honetan, Haur Hezkuntzako azken ikasturteko eta Lehen Hezkuntzako lehen ikasturteko irakasleek ikasleei idazten eta irakurtzen irakasteko praktikak nolakoak diren determinatzeko xedez sortu den tresna bat deskribatzen da. Berez, hogeita hamar itaunez osaturiko galdategia da eta ihardespenak, praktika jakin baten maiztasuna aintzat harturik, sei puntuko Likert eskala baten arabera eman beharko lirateke. Estatu espainiarreko hainbat gune geografikotako irakasleek egiten dituzten praktikak bildu dira galdategian, era sinesgarri eta sistematikoan. Tresna honen aplikazioa, berriz, haur hezkuntzako azken ikasturtea hastean haurrek dituzten ezagutzen, eskolan aurkitzen dituzten praktika pedagogikoen eta idazketa eta irakurketaren ikaskuntzaren arteko loturaren izaera determinatzea helburu duen ikerkuntza-proiektu zabalago baten zati bat da.

Ikerlan honetan irakasleek idazten eta irakurtzen irakasteko praktikak nolakoak diren determinatzeko xedez sortu den tresna bat deskribatzen da.
Egileek aurretik ikerlan desberdinak aztertu dituzte eta honekin ondorioztatu zuten bakar batek ere ez zituela aintzat hartzen hizkuntza idatziaren irakaskuntza formalaren hastapenetan haurrak zituen ezagutzak. Horregatik, euren tresna propioa osatu zuten eta honen emaitza hogeita hamar galdera itxiz osatutako Likert erako galdetegi bat izan da. Hori aurkeztea izan da artikulu honen helburu nagusiena.Hala ere, kontuan izan behar da lehen urrats bat besterik ez dela izan, proiektu zabalago baten barnean aurkitzen baita.
Honako hau izan da tresna horretara iristeko jarraitutako prozesua labur azalduz: lehendik zeuden ikerlanak berrikusi ziren eta hizkuntzaren didaktika alorrean espezialistak ziren ikertaldeko kideek emaniko aholkuak beteaz, berrogei galdera osatu ziren, lau eduki alorretan banaturik:

  • Programazioa
  • Idazketa-irakurketaren ebaluazioa
  • Gelaren antolamendua
  • Edukiak eta jarduerak

Epaile gehienak bat zetozen hogeita hamar galderak hautatu eta galdeketaren bertsio pilotua osatu zen.
Datuei osagai nagusien analisi faktoriala ACP(Varimax errotazioa) aplikatu zitzaien eta galdetegiko itaunak honako lau faktoretan saturatzen zirela ikusi zuten:

  1. I.faktorea: programazio eta irakaspen esplizituaren kontrolarekin lotutako praktikak.
  2. II.faktorea: idazketa autonomoko praktikak eta noizbehinkako ikaskuntzaren aprobetxamendua.
  3. III.faktorea:ikaskuntzako emaitzen kontrola.
  4. IV.faktorea: gelako dinamika praktikei eta gelako egoera emergenteez baliatzeko praktikak.

Analisi faktorialetik abiatuta, ondorioztaturiko lau faktoreetan oinarritzen ziren talde homogeneoak identifikatzeko analisia egitea izan zen hurrengo pausua. Konglomeratu horiek praktika-profilak osatzen dituzten irakaskuntza-praktiken multzoa identifikatu dute.
Estatu espainiarreko hainbat gune geografikok parte hartu zuten. Erkidego bakoitzaren eginkizuna izango da galdetegia erantzuteko prest azaldu ziren ikastetxeen analisian jasotako emaitzak itzultzeko bideak finkatzea.
Galdetegia aplikatzeko laginak, berriz, erkidego bakoitzerako kalkulatu ziren, aurretiaz mugaturiko lurralde batean.
Ondorio gisa ikusi da galdetegia lanabes baliagarri eta sinesgarria dela irakasleek beren geletan aplikatzen omen dituzten irakaskuntza-praktikak biltzeko. Hala ere, oraindik ere ikerlariek badituzte beste zeregin batzuk buruan; alde batetik, irakasleek diotena eta egiten dutena erkatzearen beharra ikusten dute; eta beste alde batetik, irakaskuntza-praktika jakin batzuk bereizgarri dituzten testuinguruetan haurrak protagonista diren ikaskuntza-prozesuak arreta handiz begiratu beharra dagoela gehitu dute.

Artikulua osorik

Iruzkin bat utzi

Jakingarriak

  • Mondragon Unibertsitatea
    Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
    Dorleta auzoa z/g. 20540 Eskoriatza
  • Tfnoa: 943-714157. Faxa: 943-714032
  • Helbide elektronikoa: jakingarriak@jakingarriak.com
Laguntzaileak:

 logo_EJ-hezkuntza logo_facultad