default banner

Hezitazileen Sentikortasuna Garatzeko Programa (SGP)

2012/12/01. Hemen argitaratua: Artikuluak, Garapen osasuntsua.

Alexander Barandiaran, Elena Lopez de Arana, Alexander Muela, Iñaki Larrea eta Joserra Vitoria
Aldizkariaren zenbakia: 71

Hazitegi taldeak erabaki du gaur egun haurrekin elkarrekintzan ari diren helduen sentikortasunean erreparatzea. Baina zer dela sentikortasuna? Hurrengo lerroetan azaltzen saiatuko gara. Gaur egun, gizakiaren garapenaren teoria ezberdinetatik indar gehien duena Atxikimenduaren Teoria dela esan genezake (Bowlby, 1969). Nazioarte mailan publikatzen diren aldizkari zientifikoetan, teoria horretan oinarritzen diren ikerketak dira gehienak. Komunitate zientifikoan, gaur egun, denok balioesten dugun zerbait da.

Teoriaren arabera, gizakiak gizaldiz gizaldi genetikoki transmititu ditu hainbat jokabide konplexu, testuingurura egokitzeko baliagarriak izan zaizkionak. Horien artean, garrantzitsuenak dira atxikimendu-jokabidea, esplorazio-jokabidea eta beldur-jokabidea.

Atxikimendu jokabideen bidez, umeak helduarekiko gertutasuna lor dezake bere behar emozionalak -garrantzitsuenak- eta fisikoak ase ahal izateko eta modu horretan bizirauteko. Azken finean, berezkoak diren jokabideen izatea horretan datza, bizirauteko estrategiak dira.

Esplorazioaren bidez, umeak bere testuingurua ezagutuko du, jakin-mina azalduko du ondoan duen espazio, material eta gauzekiko. Baina testuingurua maiz arriskutsua da eta horregatik, gizakiak esplorazioari frenoa jarriko zion estrategia ebolutiboa garatu zuen; beldurra, hain zuzen ere.

Umeek heldua segurtasun-iturri modura erabiliko dute testuingurua esploratzeko. Beraz, esan dezakegu umeek beldurra sentitzen dutenean, seguru sentitzen ez direnean, beraientzat esanguratsu den heldua beharko dutela ondoan, segurtasuna emateko, bestela ez baitute esploratuko.

Horrek baldintza garrantzitsu batera garamatza, helduaren erantzunera. Umeek ezin dutenez beraien buruarengan segurtasuna eragin, helduaren erantzunaren menpe geratzen dira. Erantzun horren nolakotasunari esango diogu sentikortasuna. Sentikorrak izango gara umeen segurtasun-, konfiantza-, aitorpen-beharrei erantzuten diegunean. Baina zelan egiten da hori? Umeei segurtasuna emateko, lehenengo, ikusi/hauteman behar dugu zer komunikatzen duten euren jokabideen edo seinaleen bidez; horren ostean, haiek egoki interpretatuz (ez da gauza bera pentsatzea “manipulatu egin nahi nau” edo “nirekin jolastu nahi du”); eta azkenik, bere beharra asetzera bideratzen den erantzun egoki bat ematea.

Sentikortasunaren azken alderdi honekin lotuta, zehaztapen bat egiteko beharra ikusten dugu. Erantzunaren egokitasuna ebaluatzeko, umeei begira egon behar dugu, eurek esango baitigute erantzuna baliagarria ote izan den euren beharrak asetzeko edo ez. Garrantzitsua da ulertzea umeak ez direla denak berdinak, behar bera adierazteko bide ezberdinak erabiltzen dituztela, eta esku-hartze ezberdinak behar dituztela gure partetik, premiak asetzeko.

Artikulua osorik

Iruzkin bat utzi

Jakingarriak

  • Mondragon Unibertsitatea
    Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
    Dorleta auzoa z/g. 20540 Eskoriatza
  • Tfnoa: 943-714157. Faxa: 943-714032
  • Helbide elektronikoa: jakingarriak@jakingarriak.com
Laguntzaileak:

 logo_EJ-hezkuntza logo_facultad